Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolako DBH 4ko hiru ikaslek beren kategorian bigarren saria eskuratu dute Elhuyar Fundazioak pasa zen astean Bilbon antolatutako Zientzia Azokan. Ekhi Pérez Sanzol, Julen Ruiz de Erentzun Ganboa eta Jon Orella San Martínek eraikitako “auto berriztagarria” proiekturik hoberenen artean hautatua izan zen eta Bartzelonako Exporecerca Jove Azokan aurketuko dute.
Andra Mari Ikastolako ikasleek bi proiektu aurkeztu zuten apirilean Baluarten Elhuyar Fundazioak antolatutako zientzia eta teknologia azokan. Ondoren DBH 4ko ikasleak diren Jon, Julen eta Ekhik pasa zen astean Bilboko Areatzan antolatutako azokan beren proiektua aurkeztea erabaki zuten. Bertan lau egunetan zehar 12-18 urteko 640 gaztek 160 STEAM proiektu desberdin aurkeztu zituzten hiru kategoria desberdinetan. Azoka honek gazteen artean kultura zientifiko-teknologikoa bultzatzen du. Proiektuak garatu ahal izateko fundazioak ia-ia 100 ikerlari eta hainbat unibertsitate eta ikerketa zentroren laguntza eta inplikazioa jaso ditu. Azokak Euskal Herriko 60 ikastetxeren parte-hartzeaz gain, Estatu zein Estatutik kanpoko beste zientzia azoken irabazleen presentzia izan du.
Andra Mari Ikastolako Ikasleek defendatutako proiektua beraiek eraikitako auto berriztagarri bat izan da. Ikasleak arazo erreal batetik abiatu ziren: ohiko autoek asko kutsatzen dute eta ibilgailu elektrikoek aldiz, autonomia gutxiegi daukate. Beraz ideia izan da auto autonomo bat eraikitzea energia iturri propioa duena. Horretarako, autoak eguzki plakak ditu eta sortutako energia bateria batean biltzen du autonomia izan dezan. Gurpila bakoitzean motore independiente bat dauka. Xasisa 3D inprimigailu batekin egin zuten. Ibilgailuak aurrean eta atzean sentsoreak ditu oztopoekin talka ez egiteko. Autoa telefonotik aplikazio baten bitartez kontrolatzen da. Horretarako, programazioa eta elektronika landu behar izan dute proektua garatzeko. Ikasleak protagonista izan badira ere, Carlos de la Cruz NUPeko ikerlariaren eta Irurtzungo Saprem enpresaren aholkuak jaso dituzte. Proiektua garatzeko, bidean topatu dituzten arazoei aurre egiteko eta hobekuntzak inplementatzeko ikasleek beraien ekintzailetasuna, erabakitzeko ahalmena eta era kooperatiboan lan egiteko gaitasuna erakutsi behar izan dituzte. Esperientzia oso aberasgarria izan da.
DBH 3-4ko kategorian eskuratutako bigarren sariak aukera ematen die heldu den urtean beraien proiektua Bartzelonako Exporecerca Jove azokan aurkezteko eta defendatzeko. Kategoria horretan lehenengo saria Valentziara joan da. Azoka berean Batxilergoko 1. eta 3. saria Iruñeko Biurdana Ikastetxeko eta Leitzako Amazabal Ikastetxeko ikasleek irabazi zuten hurrenez hurren.
