Andra Mari Ikastola herri-ekimenez eta auzolanean sortutako gurasoen kooperatiba bat da, hasiera hasieratik, euskara eta euskal kulturaren transmisio eta sustapenarekin konprometitua. Guraso eta langileen partaidetza eta herritarren eta herriko erakundeen inplikazioa ezinbestekoak izan dira ikastolako proiektua eratzeko.
Andra Mari Ikastola Sakana eskualdean kokatuta dago eta Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Lizarragabengoa, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Iturmendiko ikasleak hartzen ditu.
Gaur egun, Etxarrin eta Arbizun kokatzen dira ikastolak dituen egoitzak. Etxarrin bi eraikinetan banatua, batean Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza etapak eskaintzen dira, eta bestean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; Arbizun, aldiz, Haur Hezkuntza. Etxarriko DBHko eraikina eta Arbizuko HHko egoitzak herri hauetako udalek utzitakoak dira; Etxarriko HH eta LHko eraikina, berriz, lurra udalak utzitakoa da baina eraikinaren jabegoa ikastolarena da.
Andra Mari Ikastolak eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak, 1976. urtetik aurrera, Aralarko Mikel Donea Ikasleen Gurasoen Kooperatiba osatzen dute. Kooperatiba hau Nafarroako Ikastolen Elkartearen (NIE) barnean dago eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatibaren zati ere bada. Erakunde hezitzaile gisa, ikastetxe itundua da, hau da, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen du.
Herritik eta herriarentzat sortutako proiektua izan da sorreratik, eta asmo horrekin jarraitu du ibilbide osoan. Aipatutako ibilbide honetan, guraso eta langileen partaidetza eta herritarren inplikazioa ezinbestekoak izan dira ikastolaren proiektua eratzeko. Ikastolaren proiektua eskualdean errotua dago, eta eragile aktiboa da bertako bizitzan.