Andra Mari Ikastolan sortzen ari ziren behar ezberdinei erantzuna emateko, 2003-2004 ikasturtean Denok Berdinak Denok Desberdinak izeneko kanpaina martxan jarri genuen. Gure heziketaren helburu nagusia ikasleak era integralean garatzea eta gizartean integratzea denez, saio hauek aniztasunaren trataeran aurrera pauso bat izateko asmoarekin abiatu ziren. Gaia ikasgeletan lantzeaz gain, ateratako ondorioak sozializatu egin ohi dira eta zenbait kanpainetan familiei parte hartzera dei egin zaie.
Kanpaina honen ibilbidea urteetan zehar egituratuz joan da, neurri batean momentuko beharrei erantzuteko inprobisazioz, pixkanaka bere lekua eta forma hartuz joan da. Egun, ikastola osoak parte hartzen du, gai batean oinarritutako programa zehatz bati jarraituz. Halaber, hasierako asmoa ikasleei zuzendutako kanpaina sortzea bazen ere, azken urteetan aberastu egin da Denok Berdinak Denok Desberdinak kanpainaren eskaintza, bertan lantzen duguna familiei ere zabalduz.
Urte hauetan zehar landutako gaiak honakoak izan dira:
● Munduko arrazak eta etorkinak.
● Gure gorputza eta osasuna.
● Irainaren aurkako hausnarketa eta kirolen aurrean animoak era positiboan zuzentzen ikastea.
● Palestina.
● Koheziketa: genero berdintasuna.
● Elikadura eta ezberdintasun fisikoak.
● Errespetuz bizi.
● Familia motak.
● 1512: oraindik ere desberdinak gara (gure kultura propioa dugulako, besteengandik ezberdinak gara. Aldi berean, gure herria anitza bezain aberatsa da).
● Lana eta duintasuna elkarren eskutik (krisi ekonomikoa).
● “Ezberdinak izanik, egunsentia gurea ere bada” (TG gela).
● Ikastolaren sorrera.
● Izan gaitezen arduratsu, zaborra birziklatuz.
● Iluntasunetik argitasunera (genero aniztasuna eta aniztasun sexuala).