TXAIGORRI Haur Hezkuntzako proiektuan jolasa da haurraren biziaren zentroa. Jolasean haurrek bere zaletasun, behar, nahi, erritmo eta senak asetzen dituzte, bere garapena osasuntsua izan dadin. Materialaren aukeraketa pentsatua dago haurrak modu autonomoan funtzio horiek gara ditzan. Ikastolan materialaren funtzioa, estetika, ordena, kopurua eta aurkezpena zaintzen da.
BARRUKO ESPAZIOA
HARRERA GUNEA:
Haurra HHko espazioan sartzen denean, etxetik ikastolarako trantsizioan konfiantza emango dioten elementuak aurkitzen ditu.
FAMILIENTZAKO GUNEA:
Familiak ikastolaren sistemaren alderdi garrantzitsua dira horregatik espazio propioa dute.
TXIKIEN GUNEA:
Bizitzaren lehenengo urtetan ematen dituen aldaketak, kuantitatibo zein kualitatiboki, ez dira ondorengoetan emango. Sasoi hau sentiberena eta hauskorrena da, horrexegatik asko zaintzen dugu ikerkuntza eta mugimendurako espazio eta materialak ahalbidetuz.
MOTRIZITATERAKO GUNEAK:
Mugimendua garapenerako ardatz garrantzitsua da. Ikastolak behar horri erantzuteko baliabideak ditu. Aucouturieren psikomotrizitate erlazionalean oinarrituak mugimendurako guk diseinatutako egiturak eta materialak daude.
IKERKUNTZA GUNEA:
Haurrak berezko duen arakatzeko sena metodo zientifikoan bezala ikertzeko material anitza eta naturala eskura du.
JOLAS SINBOLIKORAKO GUNEA:
Jolas sinbolikoan ari denean bere barnea proiektatzen du haurrak jolas horretan, beldur, kezka eta desio handietako garaia izanik mundu hori jolasean islatzen du. Bere txikitasuna gainditzen duen heroia bihurtzen da. Gorputzezko eta hitzezko komunikazioa eta sozializazioa garatzeko eszenatoki aparta da jolas sinbolikoa.
ERAIKUNTZEN GUNEA:
Eraikuntzetan haurrak bere mundua proiektatzen du jolas sinbolikoaren bidez. Bere emozioak eta bizipenak adierazten ditu. Eraiki ondoren sinbolizatzera pasatzen da. Bere eraikuntzek jolasteko funtzio bat edukitzen dute. Eraikuntzak, geometria, espazio, eta adierazpen matematikoaren islada dira. Eraikitzen duten bitartean harreman espazialak, aritmetikoak eta logikoak gauzatzen dituzte. Ikastolan eraikitzeko zurezko material naturalak hobetsi dira.
SORMEN TAILERRA:
Haurrek euren barruan daukatena proiektatzeko (kezkak, interesak, beldurrak, jakin-minak eta bizipenak modu batean edo bestean proiektatzeko) sormenezko proiekzioak egiteko margoarekin edo eskulturarekin zerikusia duten materialak eskura ditu.
LIBURUTEGIA:
Espazio lasai honetan mota guztietako testuek irudimena eta errealitatearen mundura eramaten dituzte. Euskararen magia ere transmititzen die.
KANPOKO ESPAZIOA
Ekintza autonomoan aritzeko material naturalak aurkitzen dituzte. Garapenerako garrantzitsuak diren jolas sentsorialak, sinbolikoak, komunikatzeko eta errepresentaziorako materialak aurkitzen dituzte geletan bezala.