Pasar al contenido principal

Historia

Andra Mari ikastolak 1969. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Guraso eta herritar talde batek elkarlanean abiatutako ametsa: beren  seme-alabak euskaraz eta euskal kulturan heztea zen beraien helburua.

Hasiera guztietan bezala, ez ziren gutxi izan gainditu beharreko oztopo eta lehiak: leku falta, ofizialtasuna... Baina guraso eta herriko jendearen iraunkortasun, ilusio, inplikazioak, azken batean, ikastola herri-proiektu bezala finkatzeko nahiak, posible egin zuen gaur egun dugun ikastola.

Sortzeak beti dauka

hamaika komeri

eta lanaren sariak

sarri bi aurpegi,

kontzientziak zion

EKIN ETA SEGI

Aurkitu izan arren

oztopo ugari

Auzolanez eraiki

zuten Andra Mari

 

Data esanguratsuak:

1969: Andra Mari ikastolaren hasiera, Eskola Zaharren egoitzetan, auzolanean itxuratu eta gero, 12 ikaslerekin.

1971: Lakuntzako ikastolaren sorrera.

1974: Arbizuko ikastolaren sorrera.

1976: Aralarko Mikel Donearen Ikasleen Gurasoen Irakaskuntzarako Kooperatiba eratu zen, Sakanako ikastola guztiak bertan biltzeko.

1977: Bakaikuko eta Uharte-Arakilgo ikastolak ireki ziren.

1981-1982: Eskolaldi liburuak lortu ziren lehenengo aldiz.

1985: Lehendabiziko legeztatzea, OHOko lerro bat, zortzi gela.

1985-1986: Ikasturtea: OHO osoa Etxarrin bertan bukatu zuen lehen promozioa atera zen ikastolatik.

1989: Andra Marik lehenengo Nafarroa Oinez festa antolatu zuen,  “Nafarroan euskaldun” lelopean. OHOko bigarren lerro bat legeztatzea zuten helburu, eta, horretarako, egokitzapenak egin behar ziren Maixuen etxeko eraikinean.

1990: Etxarriko, Arbizuko  eta Lakuntzako (gela bat) Eskolaurreak eta OHOko bigarren lerroa  legeztatu ziren.

1990: Uharte-Arakilgo eta Bakaikuko gelak itxi ziren. 

1994: Andra Mari Ikastolaren 25. urteurrena ospatu zen.  

1995: Lakuntzako ikastola itxi zen. 

1995: Andra Marik eta Iñigo Aritzak “Sakana” Ikastola sortu behar izan zuten DBH ezarri ahal izateko. Lerro bana ezarri zen ikastola bakoitzean. 

1996: Bigarren Nafarroa Oineza antolatu zuen “Herrikolore” lelopean, Eskola Zaharreko eraikina LOGSEk Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza martxan jartzeko arautzen zituen baldintzetara egokitzeko.

1998-1999: DBH amaitu zuen lehen promozioa atera zen ikastolatik.

2009: Hirugarren Nafarroa Oineza antolatu zuen “Txikiak handi” lelopean, eta Etxarriko ikastolaren 40. urteurrena ospatu zen. Europako hizkuntza gutxituen herrialdeekin harremanetan jarri zen lehenengo aldiz Nafarroa Oineza, „Txikiak Handi“ proiektuari hasiera emanez.

2010: “Oinez Basoa” proiektuaren lehenengo basoa 2010eko neguan landatu zen Arbizuko udalak utzitako lur eremu batean. Baso honetan, 9 espezietako 5.200 zuhaitz landatu ziren, 2009ko  Andra Mari Ikastolaren Nafarroa Oinezari eta 2010ko  Paz Ziganda ikastolarenari zegozkienak.

2013: Utzubar Txikiko eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldia egin zen.  

2014: Arbizuko ikastolaren 40. urteurrena ospatu zen.

2015-2016: Utzubar Txikiko Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikina mustu zen.

2018-2019: Eskolaldi etengabea ezarri zen HH eta LHn.

2019: Andra Mari Ikastolaren 50. urteurrena.

2023: Laugarren Nafarroa Oineza antolatu zuen “Hotsein" lelopean DBHko eraikineko instalazioak berritzeko. 

Irudia

2024: Arbizuko ikastolaren 50. urteurrena.